Santa Eskolastikaren historia
1883-ko maiatzean, neska gazte andana bat sartu zen « Grand Bayonès » deitu etxean, Aita Bastres-ek zortzi urte lehenago eraiki zuen Belokeko komentutik bost ehun metretan.
Haietarik biek nobizetza berriki bururatua zuten Charentes-etan Saint Jean d'Angély-ko serora beneditarren komentuan. Beste batzu seroragoaren ikasten egonak ziren Biarnoan. Denen xedea zen San Benoaten erregelaren arabera bizitzea, Belokeko fraideak bezala.
Pobretasun handia izanagatik, lagunak etorri zitzaizkien. Dena egitekoa zen : otoitzezko bizia,lana, komentuaren eraikitzea. Ama placide Lespade-n obra izan zen, 1888-tik 1924 era buruzagigoa egin zuena, Bastres abadea kontseilari eta laguntzaile zutela, 1903-an fraideak Frantziatik kanpo ezarri ziren arte.
1889-an, lau serora estatu Batuetara joan ziren, Oklahomako Sacred Heart-era, han baitziren Belokeko fraide zenbait Indianoen artean misionest. 1903-an beste batzu joan zitzaizkien komentu baten eraikitzen laguntzera : St Gertrude Convent, Ramsey-n (Louisiane), gero amerikar congregazione bati juntatuko zena.
1898-an, Baionan nexka ikastetxe bat ideki zuten serorek, bainan 1903-an hetsi behar izan zuten. Belokeko fraideek atzerriko bidea hartu zutelarik 1903-an, serorek ez zuten zinezko enegurik izan. Beneditar bizitza ereman zuten, bakarrik, fraideak 1926-an beren komentuan sartu arte.1908-tik hunat, nobizetza berriz ideki zenetik, azkartu zen komentua, serorek Jauna goresten zutela eta beren bizia irabasten ezkogintzari, gasnategi bati eta etxaldeari esker, San Benoaten erregelaren arabera : « Jainkoaren gorestea lehen » eta « zinez fraide izanen dira beren lanetik bizitzen badira ».
Aspaldian serorek hosteleria bat badute, Vaticano II kontziliotik landa handitu dutena, oraiko Elizaren beharrek manaturik, kontzilio ondoko liturgi berritzeak aldakuntza handiak ekarri ditu Orenen Liturgian.
Ahurtiko Santa Eskolastika komentua, Subiaco-ko kongregazionearen Frantses Probintziaren kide da.