Bazkoko zazpigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Judasen ordainaren hautatzea )
Apostoluen Egintzetarik
1, 15-17. 20a. 20c-26
15 Egun heietan, haurrideak bildurik zauden, ehun eta hogei bat.
Heien erdian xutiturik, Petrik erran zuen :
16 “ Haurrideak, bete beharra zen Izpiritu Sainduak Liburu Sainduan errana : Dabiden ahoz aitzinetik aipatua zuen Judas,
Jesus arrastatu zutenen gidaria.
17 Gutarik bat zen, eta gure zerbitzu bera betetzeko hautatua.
20 Hau izkiriatua da Salmoen liburuan:
Har beza beste batek haren kargua.
21 Huna beraz zer egin behar den: badira gurekin ibili diren gizonak
Jesus Jauna gure artean bizi izan den denbora guzian,
22 Joanesek bataiatu zuenetik hasi eta zerurat altxatua izan den arte : Heietarik batek gurekin batean
haren piztearen lekuko izan behar du.”
23 Biga agertu zituzten : Josep, deituraz Barsaba, izengoitiz Zuzen, eta Matias.
24 Gero, otoitz hau egin zuten :
25 “ Jauna, zuk ezagutzen ditutzu guzien bihotzak, erakutsaguzu bietarik zein hautatu duzun, apostolu-zerbitzu huntan Judasek utzi lekuaren hartzeko,
berea duen lekurat joan baita hura.”
26 Xotxak atera zituzten, eta Matiasena atera baitzen,
hameka Apostoluen taldean sartu zuten.
Jesus apostoluen artetik joan berria da. Mendekoste aitzin gira. Petri nausi agertzen da, zuzen den bezala : Jesusek hari dio eman artzaingoa. Erabakia fermu da : hau egin behar da, eta hola. Ez larderia finkatzeagatik, bainan Jaunari leial egoiteko : apostolu-gaiak Jesusekin ibilia izan behar du buruan buru, eta lekuko hura pizturik ikusi duela. Petrik ez du gehiago eskatzen : leialtasuna lehenik, Jesusez mintzatzeko. Dohain handirik ez dugun hok lasaitzen gaitu : beharrena Jesusen piztearen lekuko izaitea da, talendu handi edo ttipiarekin.
Petrik bidea erakutsi du, bainan erabakia ez du berak hartzen. Han diren fededunek egin behar dute hautua, Izpiritu Sainduak eman argitan. Xotxak tiratuz Jainkoari konfiantza egiten zioten. Petrik 109. salmoa aipatzen duelarik : “Har beza beste batek haren kargua”, salmo horren egileak ez zuen Judas gogoan. Halere Petrik Judasi aplikatzen dio, Jesusek gau bat otoitzean pasaturik hautatu bazuen ere, gero Judasek bere misioneari uko egin baitzion, Jesus salduz.
Gertakari hortarik bi gogoeta atera dezazkegu : Jesusek Judas otoitzean hautatu zuela (Petrik gauza bera egiten du Matiasen hautatzeko). Eta halere Judas libre zela bere hautuaren egiteko, Jesus saltzeko. Ez ote da harrigarri ?