Eguberri gaueko meza

Lehen irakurgaia

( Bakearen Erregea )

Izai profetaren liburutik 9,1-6

1 Ilunbean zabilan herriak argi handi bat ikusi du;
herio-itzalpeko lurrean bizi zireneri argiak egin diote distira.
2 Nasaiki eman duzu poza, emendatu bozkarioa:
bozkariotan dabiltza zure aitzinean,
uzta biltzean bozkariatzen den bezala,
harrapakinak partitzean loriatzen den bezala.
3 Xehatu baituzu heien uztarri dorpea,
heien bizkarra larrutzen zuen makila, zergariaren azotea,
Madian garaitu zuten egunetan bezala.
4 Soldado zalapart-egileen oinetako guziak,
odolez zikindu heien jantzi guziak,
horra erreak direla, suak iretsiak.
5 Haur bat sortu zaiku, seme bat emana zaiku;
buruzagi-seinalea bizkarrean derama, eta haren izena:
“ Kontseilari harrigarri, Jainko indartsu,
Betiko Aita, Bakearen Errege.”
6 Handia izanen da haren erregetza, azkenik gabekoa bakea,
Dabiden tronuan eta haren erreinuan.
Sendo finkatua izanen da zuzenbidean eta justizian,
oraidanik eta betiraino.
Horra zer egiten duen diren guzien Jainkoaren amodio suharrak.

Noizko gertakarietaz ari da hemen profeta ? Badakigu Salomon hil zelarik (J.K. aitzineko 933an) haren erresuma bi partetan zatitu zela : iparraldeko erresuma, Izrael, Samaria zuela hiriburu, eta hegoaldeko erresuma, Juda, Jerusaleme zuela hiriburu. Bi erresuma ttipi beraz. Bainan iguzkialdean (oraiko Irakeko iparraldean) bazen hortzak luze zituen erresuma handi eta azkar bat : Aziria. 721ean Aziriak Izrael zafratu eta hango jende anitz desterratu zuen Aziriarat.
Izai profeta Juda erresumakoa zen. Zer zuen ikustekorik auzo erresuman, Izraelen gertatu zorigaitz ikaragarrian ? Hau : iparraldeko eta hegoaldeko erresumak anaiak zirela, hamargarren mendean berexiak, eta Judako jendeak esperantza zuela noizbait berriz elgarretaratuko zirela, Judaren gidaritzapean. Izraeli gertatu zorigaitzaren karietarat, bi erresumeri zuzendua da Izairen profezia kontsolagarria : "Haur bat sortu zaiku...handia izanen da haren erregetza...Dabiden tronuan." Jainkoak ez du bere herria galtzera uzten. Hor da behar-orduan herriaren altxatzeko eta kontsolatzeko. Oro har Izairen mezua hau da : Ez beldur izan, Jainkoak ez du bere herria ahanzten; gauaz da sinetsi behar laster argituko duela. Atxik esperantza. Jainkoa salbatzaile da, ez bakarrik Izraelentzat, baizik gizadi guziarentzat.

Salmoa 95

Leloa: Salbatzaile bat zaiku sortu :
Hura da Kristo, jaunen Jauna.


Kanta Jaunari kantu berri, Kanta guziek herriz herri.
Kanta Jaunaren izenari, Mundu guzia, jauz kantari.

Aipa noiznahi munduari, Zoin den orotan salbagarri.
Hura goraipa herriz herri, Eman lurrez lur haren berri.

Zeru-lurrak pitz, egin kantu, Itsas-uhainek orro, soinu.
Zelaiek, eman bozik fruitu, Oihan zuhaitzek, egin oihu.

Bai egin oihu, soinu, kantu, Heldu baitzaiku Jauna, heldu.
Dena behar du hak zuzendu, Dena zuzendu munduz mundu.

.

Salmo hau Jerusalemeko Tenploan kantatzen zen. Alta egunak ez ziren airosak, bainan fedeak eta esperantzak dardararazten zuten jendea. Salmo hunek eremaiten gaitu munduaren azken eguneraino, zeren orduan populu guziek ezagutuko baitute Jainko bat bakarra. Azkenean gizadi guziak haren baitan konfiantza ukanen du.
Lurra, itsasoa, baserriak, zuhaitzak bozkarioz kantuz eta dantzan ari dira. Izraelek beti goraipatu ditu Jainkoaren obra miresgarriak, hala nola populuaren libratzea. Libratua izan zen esklabotasunetik, esklabotasun handienetik, Jainko faltsuen baitan konfiantza ukaitetik. Azkenean berri ona hedatu da lurraren buru batetik bertzeraino eta denak lehiaka heldu dira Aitaren etxean sartzeko.
Menturaz amets bat da. Amets hori gertatu artean, salmo hau Izraeleko populuak kantatzen du berri onaren baitan duen fedea eta esperantza erreberritzeko eta entzunarazteko.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoaren grazia agertu zaiku )

Jondoni Paulok Tito dizipuluari 2,11-14

11 Agertu da Jainkoaren grazia, jende guzientzat salbagarri.
12 Hunek irakasten dauku
Jainko gabeko biziari eta munduko gutizia tzarreri uko egiten,
zentzuz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez
mundu huntan bizitzen,
13 gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela:
Jesu Kristo gure Jainko handia eta gure Salbatzailea
aintzaz beterik noiz agertuko den.
14 Harek bere burua eman du guretzat,
gu gure gaitz guzietarik libratu eta garbi egiteko,
gu haren herri izan gaitezen, beti ongiaren egiteko prest.

 

Hirugarren bidaian, Paulo hasi zen ebanjelioaren zabaltzen Kreta islan. Gero Titori utzi zion lana eta gutun bat igorri zion kontseilu batzuren emaiteko.
Gutun laburra, hiru kapitulu bakarrik. Fedeaz mintzo da. Paulok dio bataioak gizon berri bat egiten duela : « Agertu da Jainkoaren grazia» erran nahi baita « Jainkoa gizon egin izan dela. » Bataioari esker, bertzelakatzen gira. Ez xeka merezimendurik badugunez ! « Hori egin dauku bere urrikalmendu handian, ez gure merezimenduengatik »; bainan mezua hedatu behar dugu. Jainkoaren grazia ez da bakarrik orai sinesten dugunentzat, bainan mundu guziarentzat.
Jainkoaren xedea da gizadi osoaren oneratzea eta gu elgarretaratzea, bat egin dezagun harekin. Bateratzea, erran nahi baita bazterrerat uztea herrak, etsaigoak, gu guzietarik populu bakar bat egiteko. Fedea dutenek erraiten dute Jainkoaren agintza balinbada, gertuko dela.
"Gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela." Hitz horiek orroitarazten daukute apezak mezan erraiten dituen hitzak : « Zorionaren esperantzan, Jesu Kristo gure salbatzailea noiz etorriko den zain gaudela .» Munduaren bertzelakatze hori fedezko akta da, menturatzen gira erraiterat azken hitza Jainkoak ukanen duela.

 

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa
san Luken liburutik 2,1-14


1 Egun heietan, agertu zen Augusto enperadorearenganik
mundu guzian izenen hartzeko manua.
2 Lehen izen-hartze hori egin zen
Kirino Ziriako gobernadore zelarik.
3 Eta denak bazoatzin izenaren emaitera, nor bere herrirat.
4 Josep ere, Galileako Nazaret herritik igan zen Judearat,
Betleem deitu Dabiden herrirat,
Dabiden etxekoa eta odolekoa baitzen,
5 Maria bere emaztearekin izenaren emaiteko.
Maria haur-beharretan zen.
6 Beraz, Betleemen zirelarik, haur-ukaiteko egunak bete zitzaizkion.
7 Eta ukan zuen bere seme lehen sortua:
xatarrez troxaturik otalako batean etzan zuen,
ez baitzen ostatuan heientzat tokirik.
8 Inguru hartan artzainak baziren, kanpoan bizi,
gauak gauari beren artaldeen zain.
9 Jaunaren aingerua agertu zitzaioten
eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen ;
eta heiek beldurrez ikaratu ziren.
10 Bainan aingeruak erran zioten:
“ Ez beldur izan!
Berri on bat iragartzen dautzuet,
herri guzia bozkariatuko duena.
11 Salbatzaile bat gaur sortu zaitzue Dabiden herrian:
hura da Mesias Jauna.
12 Eta hau izanen duzue seinale:
haur bat aurkituko duzue xatarrez troxatua,
eta otalako batean etzana.
13 Eta bat-batean, aingeruarekin zerutiar talde handi bat bildu zen,
Jainkoa goresten zutela, erranez :
14 “Aintza zeru gorenetan Jainkoari,
eta bakea lurrean hain maite dituen gizoneri.”

Izai profetak Akaz erregeari jakinarazi ziolarik egun hobeak jinen zirela errege berri bat sortuko zelarik, erran zion : « Huna zer egiten duen Jaungoikoaren amodio ezin garraituzkoak. » Horra zertako Lukek hitz horiek gogorat emaiten dauzkigun Jesusen sortzea aipatzean.
«Bakea lurrean (Jainkoak) hain maite dituen gizoneri. » Betleemeko gauan hitz horiek entzutean, ez ditugu ulertu behar badirela Jainkoak maite dituenak, eta bertzeak: « Bakea gizon guzieri, zeren Jainkoak gizon guziak maite baititu .» Beti mezu bera entzuten dugu : « Jainkoak hain du mundua maitatu, nun seme bakarra eman baitu. » Beraz, ez gaiten izi. « Ez beldur izan! » zioten aingeruek artzaineri. Zer gaizki eginen du haur ttipi batek ? Eta Jainkoak haur baten itxura hartu balu, hain xuxen mundua ez iziarazteko...?
Aingeruak jakinarazten du Izaik bezala : « Salbatzaile bat sortu zaizue Dabiden herrian : hura da Mesias Jauna. » Azkenean sortu da menderen mendetan populu guzia beha zagon hura. Denek gogoan zuten Natan profetak Dabid erregeari errana : Jaun Goikoak jakinarazten dauzu segida bat emanen dauzula zure bizia bururatuko delarik eta zure aiten ondoan pausatuko zirelarik. Hortakotz Lukek emaiten dauzkigu xehetasunak haurraren sortzeaz : Josep ere, Galileako Nazaret herritik igan zen Judearat, Betleem deitu Dabiden herrirat, "Dabiden etxekoa eta odolekoa baitzen." Bazakiten, Mikea profetak erranik, Mesias Betleemen sortuko zela : « Eta zu Betleem Ephrata, sobera ttipia Judeako familietan agerzeko, zutarik ateratuko da Izrael gobernatuko duena. Xutik egonen da, bere saldoa alaraziko du, Jaunaren podoreari esker eta bere Jainko Jaunaren ospeari esker. Bera izanen da bakea. »
Aingeruek jakinarazi dute berria, on eta handia; hortarik ulertzen dugu nola zerutiar talde guziek kantatzen duten Jainkoaren ospea. Zer desberdintasuna, Moisi egin agintza eta haur xume baten sortzea mainateran. Izaik erraiten duen bezala « Jainkoaren indarra » haur ttipi eta xume baten eskuetan dago. Harrigarriena da Jainkoaren indarra aurkitzen ahal dugula egun guzietako pobrezian.
Hori da preseski inkarnazionearen mixterioa. Jondoni Joanik idazten du « munduko argia » sortu dela barruki batetako ilunpean. Munduaren kreatzaileak bertze guziek bezala ikasi du eleka, ez da harritzeko beraz « adixkideek ez baitute ezagutu », ttipiek baitute lehenik haren mezua onartu.
« Urrikalkorrak » gomitatzen gaitu ohako horren ganat hurbiltzera eta erakustera hura nahi badugu segitu, harek bezala egin behar dugula. Hola « Jainkoaren haurrak bilakatzen gira. »